Wakubenga - Tatu-lotura
Wakubenga

Wakubenga

Baliteke Euskadiko eta Kongoko Errepublika Demokratikoko errealitateak uste dugun baino hurbilago egotea?

“Wakubengan” sartu eta jakin egingo duzu. Farmamundiren proiektua da, eta, komikiaren artearen bidez, arazo globalaren itzalak argitu nahi ditu: emakumeen aurkako indarkeria sexuala.

“Wakubengako” orrialdeetan, Judithen eta Hodeiren bizitzak gurutzatzen dira Kongoko Errepublika Demokratikoko gatazketatik Euskadiko egunez egunekoraino mugak gainditzen dituen kontakizunean, indarkeria sexualak pertsonetan nahiz gizarteetan daukan eragin beraren adierazgarri.

Komikia

Judith Ipar Kivun neskatila soldadu moduan gerrako basakeria ezagutu duen nerabea da. Eskualde hori, hain zuzen ere, Kongoko Errepublika Demokratikoko gatazkaren ondorioz dago suntsituta. Itzultzean, gizarte zibilean berriro integratzeko zeregin zailari aurre egin behar dio, eta beragan eragin sakona izan duen iragana hartu behar du bere gain.

Bien bitartean, Euskadin, Hodei, ondo hezitako mutil jatorra, nortasun-krisi bete-betean dago murgilduta. Nahiz eta inoiz neska bakar bati ere eraso egin ez dion, bere lagunen txantxa misoginoei barre egiten die, eta arinkeriaz hartzen du neska ikaskide batek jasandako erasoa.

Wakubengan, haien bideak gurutzatzen dira indarkeria sexualaren zikloa betikotu edo hautsi lezaketen ebazpen erabakigarrien bidez. Komiki hau benetako historietan dago oinarrituta, eta honako hauxe dauka helburu: arazo unibertsal baten inguruan sentsibilizatzea eta hausnarketa nahiz ekintza sustatzea.

Ángel Mirou

Ángel Mirou Bilbon finkatutako marrazkilari eta gidoilaria da. Kazetaritza eta Arte Ederrak egitean prestakuntza bikoitza duenez, eragina izan du bere ibilbide profesionalean: komedia idatzi du telebistarako; eta drama, zinerako eta antzerkirako.

2017an, Bea Insa aktore eta zuzendariarekin sortu zuen La Pacheca Collective antzerki-konpainia. Biek oroimen historikoarekin eta kritika sozialarekin lotutako ikuskizunak sortu dituzte; esate baterako, ParadigmaTarán-Tran-Transición eta A solas con el Emérito.

Wakubenga, indarkeria sexualaren bidez Euskadi eta Kongoko Errepublika Demokratikoa lotzen duen historia, komikien arloan egin duen lehenengo lan luzea da.

Nola sortu da proiektua?

Kongoko Errepublika Demokratikoan dituen tokiko bazkideen arteko lankidetzaren ondorioz sortu da Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren laguntzaz.

Ekimenak gatazka-guneetako emakumeei zein nerabeei eta, batez ere, indarkeria sexualeko biktimei osasun-arreta eskaintzeko premia larriari erantzuten dio. Izan ere, indarkeria sexualeko eta genero-indarkeriako emakume bizirauleek osasun sexualerako nahiz ugalketa-osasunerako zerbitzu integralak eskuratzen dituztela bermatzea dauka helburu nagusi, baita gerraren ondorioz lekualdatutako erkidegoei laguntzea ere.

Euskadin, proiektuak indarkeria sexualaren ondorioei aurre egitea dauka helburu, baita errealitateak lotzea eta gerrako nahiz bakeko testuinguruetan arazo horiek agerian jartzea ere. Wakubenga komikiaren eta Hodeiren zein Judithen historien bidez, hezkuntza-tresna eskaintzen da, pentsamendu kritikoa, elkarrizketa eta justizia sozialaren inguruko konpromisoa sustatzeko. Ahalegin horrek belaunaldi berrientzako inspirazio-iturria izan nahi du, desberdintasunak eraldatu eta bidezkoagoa zein jasangarriagoa den garapena sustatu dezaten.

Eraldaketarako hezkuntza

Dokumentua
EB Ahotsak eta Eskubideak: RDCko emakume bizirik atera direnen errealitatea

Proposamen honen helburua da gizarte-osasun arloko Lanbide Heziketako ikasleei zuzendutako ikaskuntza-ingurune motibatzaile bat sortzen lagunduko duten tresna didaktikoak ezartzea. Horren bidez, herritarren ezagutza sustatu nahi da osasunerako eskubideari, sexu- eta ugalketa-eskubideei eta giza eskubideen defentsari buruz, ikuspegi parte-hartzaile eta hezitzaile batetik.

Hala ere, proposatutako jardueren diseinua eta landutako gaiak beste hezkuntza-eremu batzuetan ere lantzeko modukoak dira, hala nola Lanbide Heziketan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, Batxilergoan eta goi-mailako beste hezkuntza-programa batzuetan.

Erresilientziaren ahotsak

Tokian-tokian nahiz nazioartean salaketarako eta sentsibilizaziorako kanpainak egiteko asmoz, Kongoko Errepublika Demokratikoan indarkeria sexuala jasan duten emakume eta nerabe bizirauleen lekukotasunak grabatu dira. Material horiek krisi humanitarioa eta biktimek jasaten dituzten errealitate latzak agerian jartzea daukate helburu.

Sorkuntza-prozesua lankidetzapean egin da, eta, bertan, biktimen pribatutasuna errespetatu da, berriro ere biktima bihurtu ez daitezen. Baliabide horiek, hain zuzen ere, kontzientzia sortzea, erkidegoak ahalduntzea eta bizirik iraun dutenei hitza ematea daukate xede.

Sylvie
Psikologoa

Sylvie Vulambiré bi seme-alabaren ama da, eta PPSSPko psikologo klinikoa nahiz proiektuetako eragilea da. Bere lanak indarkeria sexualeko emakume bizirauleei laguntzea dauka helburu, ondorio fisiko eta emozional sakonak dituen arazoa dela kontuan hartuta. Bideo honetan, Sylviek azaldu egingo du PPSSPk laguntza integrala eskaintzen duela, behar besteko oztopoak gainditzeko eta, horrela, gatazketan nahiz lekualdaketetan osasunerako eta laguntza psikosozialerako zerbitzuak eskuratu ahal izateko

Ketya
Eskubideen defendatzailea

Ketya Kavira Makasi ama ezkongabea eta arrain-saltzailea da. Indarkeria sexualeko gazte biziraulea da, eta Kongoko Errepublika Demokratikoko Butembon bizi da. Bideo honetan, azaldu egingo du emakumeek segurtasun-faltari aurre egin behar diotela etengabe, eskualde horretan talde armatuak daudelako. Ketyak nabarmendu egingo du zeinen garrantzitsuak diren emakumeen eskubideak defendatzen dituzten elkarteen lana eta Collectif des Femmes Journalistesen funtsezko zeregina. Izan ere, komunikazioaren bitartez, erkidegoa sentsibilizatzea eta orientatzea dauka xede nagusi, indarkeria sexualeko kasuei aurre egiteko moduen berri eduki dezan.

Joséphine
Osasun-sustatzailea

Joséphine Masika Siriwayori “aholkuak ematen dituen izekoa” esaten diote maitasunez, eta, 2008. urteaz geroztik, FEPSIren lanaren inguruan sentsibilizatzea dauka zeregin nagusi. Erakunde horrek, hain zuzen ere, lekualdatuei, hondamendi naturaletako biktimei, indarkeria sexualeko bizirauleei eta GIB/HIESA dutenei laguntzen die. Bideo honetan, Joséphinek lehenengo lerroan bizi izan duen esperientzia partekatuko du: FEPSIk erkidego horiei emandako heziketa eta laguntza, osasun-zerbitzuak lortzeko orduan gainditu behar dituzten erronkak eta euren landa-lana hobetzeko funtsezko estrategiak.

Esperance
Ekintzailea

Esperance Kavugho Muliwavyo ama eta indarkeria sexualeko biziraulea da, eta Kongoko Errepublika Demokratikoko Butembon bizi da. Bideo honetan, partekatu egingo du bere herrialdeko segurtasun-faltaren ondorioz bertan behera utzi behar izan duela nekazaritza eta merkatari moduan berrasmatu behar izan dela. Bertan, honako hauxe du hizpide: indarkeria sexualaren ondorioak, jaso duen laguntza sanitarioa eta etorkizunari begira daukan ikuspegia. Bien bitartean, aurrera egiteko lan egiten jarraitzen du

Ernestine
Biziraulea

Ernestine Masika Musafiri indarkeria sexualeko biziraulea da, eta Kongoko Errepublika Demokratikoko Butembo auzoan bizi da. Bideo honetan, hain egoera zailean berak eta bere familiak gainditu behar izan zituzten erronkei buruzko lekukotasuna partekatuko du. Horrez gain, azaldu egingo digu nola ezagutu zituen FEPSIko zerbitzuak eta nolako arreta eman zion bertako psikologoak. Izan ere, laguntza-sare hori funtsezkoa izan da onera egiteko eta gainditzeko bizi izan duen prozesuan.